Skip to main content

'Entre dos aguas' eta 'Rojo' filmek egin dute distira Zinemaldian

'Entre dos aguas' eta 'Rojo' filmek egin dute distira Zinemaldian

Epaimahai ofizialak aho batez erabakita, Isaki Lacuestaren 'Entre dos aguas' filmak irabazi du Donostiako Zinemaldiko Urrezko Maskorra. 2011n lortu zuen Lacuestak lehen aldiz sari bera, orduan, ‘Los pasos dobles’ filmarekin. Orain saritutako filma, berriz, duela hamabi urte grabatutako ‘La leyenda del tiempo’ lanaren jarraipen gisa uler daiteke. Orduko hartan nerabeak zirela agertu zituen Isra eta Cheito anaia ijito protagonistak, eta haien bizitzei berriro heldu die fikzioaren eta errealitatearen artean dantza egiten duen pelikula berrian. Hain justu, epaimahaiak nabarmendu du filmak «protagonisten bizitzak era intimo eta egiazko batean esperimentatzera bultzatzen dituela ikusleak».

Alexander Payne epaimahaiburuaren eskutik jaso zuen garaikurra Lacuesta zuzendariak, eta filmeko lantaldeko kideei oholtzara igotzeko deia egin zien, familian egindako lana dela nabarmentzeko.

Beste hiru sari nagusi lortuta, berriz, Benjamin Naishtat zinemagile argentinarraren 'Rojo' filma izan da 66. jaialdiko beste garailea. Jorge Videlaren estatu kolpearen aurreko urteen Argentinaren erretratua egiten duen filma. Hunkituta jaso zuen Benjamin Naishtatek Zilarrezko Maskorra, eta saria lantalde osoarekin partekatu ostean, kulturak Argentinan bizi duen egoera salatu zuen.

Film berean egindako lanagatik jaso zuen Dario Grandinettik Gizonezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra, eta Pedro Soterok eraman zuen Argazki onenaren saria. Gidoi onenaren saria eman zieten Paul Laverty eta Louis Garreli. Emakumezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra, berriz, Pia Tjeltak irabazi zuen, Blind Spot filmean egindako lanagatik.

Euskal film ugari izan da aurtengo Zinemaldian, eta horien artean, Koldo Almandozen ‘Oreina’. Zuzendari Berriak sailean erakutsi zuen bere lana zinemagile eskarmentudunak, eta Euskal Zinemaren Irizar saria irabazi zuen.


 
bannerra

bannerra