Skip to main content

Azken bideoak: Literatura

bideoa prestatzen
Susan Buck-Morssen “Izuaren osteko gogoeta” liburua aurkeztu du Katakrak argitaletxeak

2019-06-05
Pello Agirre Sarasola izan da euskarara itzuli duena. Buck-Morss pentsalari estatubatuarrak 2001eko irailaren 11aren ostean idatzitako zenbait lan biltzen dituen obra da. Susan Buck-Morssen nahia da ikusaraztea musulmanak auzokideak ditugula. Ez direla fundamentalista fanatikoak, modernitatearekin lotzeko gaitasunik gabekoak, baizik eta gure arazo global berdinak dituen jendea direla. Abiapuntu hori hartuta, erdigunean jarri du borroka komunaren beharra. Estilo desberdineko sei atalez osatutako liburua da gaur aurkeztutakoa, islamismoari eta arteari buruzko gogoetak biltzen dituena.
bideoa prestatzen
"Jamaikako neska", Joxemari Iturralderen azken eleberria

2019-06-04
Joxemari Iturraldek bere azken eleberria aurkeztu du gaur Harkaitz Canoren laguntzarekin Donostiako Liburutegi nagusian. Jamaikako Neska izenburupean, Iturraldek Dafne Zorregieta Rondall izeneko neska baten istorioa idatzi du. Protagonistaren aita, euskaldun erbesteratua da, eta ama, berriz, Mexikon bizi den holandarra. Harkaitzek nobela poliedrikotzat jo du istorioa. Iturraldek nortasun handiko emakumea eraiki duela nabarmendu du Canok. Abaraska itxura duen nobela dela azaldu du Harkaitzek, istorio asko dituena eta lehen pertsonan kontatua. Iturraldek azaldu du liburu hau istorioak kontatzearen aldeko erreibindikazioa izan dela eta protagonistak istorio asko kontatzen dituela bere bizitzeko modua delako. Pamiela argitaletxeak argitaratu du Joxemari Iturralderen Jamaikako neska liburua, eta 231 orrialde ditu.
bideoa prestatzen
Klasikoen 12. irakurraldi jarraituak 'Otto Pette' omenduko du 25. urteurrenean

2019-06-03
Bilbo Zaharra Euskaltegiak antolatua, Klasikoen hamabigarren irakurraldi jarraitua ospatuko da ekainaren 6an Bilboko Arriaga Antzokian. Ekitaldiak 12 ordu iraungo du, goizeko 8tan hasita eta bertatik pasako dira 400 irakurle inguru, tartean, euskal jendearteko aurpegi ezagun ugari. Aurtengoan, gainera, bere 25. urteurrenean, Anjel Lertxundiren “Otto Pette” eleberria omenduko du irakurraldiak. Hori da, hain zuzen, hamabigarren edizio honetan irakurriko den klasikoa.
bideoa prestatzen
Abian da Bilboko Liburu Azokaren 49. edizioa

2019-05-30
Bilboko Liburu Azokaren 49. Edizioa abian da. Ekimenak, Areatza “irakurzaletasunaren erdigune” bilakatu nahi du eta Aburto alkateak Liburu Ganbarari eta Liburusaltzaileen Elkarteari eskerrak eman dizkie beste behin ere kultur adierazpide honen bultzatzaile izateagatik. Aurten, Miren Agur Meabe lekeitiarra eta John Branville irlandarra izan dira Laboral Kutxak ematen dituen Atea literatur sariaren irabazleak.
bideoa prestatzen
Katharina Winkler eta Yoseba Peñak Zilarrezko Euskadi sariak jaso dituzte

2019-05-22
Katharina Winkler eta Yoseba Peñak jaso dituzte Zilarrezko Euskadi sariak aurten. idazle austriarraren ‘Cárdeno adorno’ eta antropólogo bizkaitarraren ‘Hariak’ liburuak direla eta jasoko dituzte Gipuzkoako liburu saltzaileek ematen dituzten urteko liburu onenaren sariak. Zarautzen bizi den idazle bizkaitarraren liburuak familia bereko hiru emakumeren bizipenak ditu oinarri. Peñak 1936ko Gerratik gaur egunerako ibilbidea egiten du, bidean historiako pasarteetan emakumeek izan duten eragina errepasatu eta memoria historikoaren beharra nabarmenduz. Katharina Winkler ere izan da Donostiako sariketan. Idazle austriarra Turkiako indarkeria matxista kasu batean oinarritu da ‘Cárdeno adorno’ liburua idazteko.Istorioak amaiera positiboa duela azpimarratu du Winklerrek, eta hori ezinbestekoa egin zaiola istorio hau idatzi ahal izateko. Liburuaren mezu nagusia egoera horietatik askatzea posiblea dela baita.
bideoa prestatzen
Gernika. Genealogy of a lie: Gernikako borbardaketari buruzko gezurrak argitara

2019-05-20
Xabier Irujo historialariak Gernika. Genealogy of a Lie izenburua duen liburua aurkeztu du Koldo Mitxelena kultur etxean. Azken 50 urtetan Gernikako bonbardaketaren inguruan ingelesez argitaratu den obra bakarra da Irujok idatzi duena. Orain dela bi urte gazteleraz argitaratutako liburua ingelesera itzuli dute eta hainbat datu gehitu dizkio Irujok. Idazleak adierazi du Francok bere garaian hainbat gezur zabaldu zituela Gernikako bonbardaketaren inguruan, eta nabarmendu du 40 urteren ondoren gezur horiek bizirik jarraitzen dutela. Adibide gisa, hildako kopuruari dagokiona nabarmendu du idazleak. 15 urteko ikerketa eta dokumentazio lana dago liburu honen atzean, idazlearen esanetan. Garaiko testigantzen eta dokumentazio lanaren bidez osatu du liburua historialariak, eta azpimarratu du liburuaren xedea Gernikako bonbardaketaren gaia nazioartekotzea dela. Bestalde, azpimarratu du ia ezer ez dela argitaratu orain arte gertakariaren bertsio ofizialaren egiazkotasunari buruz.