Skip to main content

Langileak

Ostalaritzako hiru langilek jasotako isuna "astakeria hutsa" dela salatu du Eraginek

2019-06-27
2.250 euroko isuna jaso duten Bilboko hiru ostalaritzako langilek zigorra bertan behera uzteko exijitu diote udalari. Eragin plataformarekin batera, dagozkien eskubideak betetzen ez direla jakinda, kartel informatiboak pegatzeari ekin zioten hiru langileak identifikatu eta zigortu ditu udalak. Eraginek salatu du Bilboko hiri modeloa langileen prekarizazioan oinarritzen dela eta zigor bidegabea bertan behera uztea eskatu dute.
Igor San Jose: "Erakunde publikoek eta politikariek azpiegitura hauetan dituzten interesak eskutik doaz"

2019-06-20
ELA sindikatuak hilabeteak daramatza Anoeta estadioko lan baldintzak salatzen. Igor San Jose ELA sindikatuko eraikuntza ordezkariarekin bisitatu ditugu lanak, eta langileen lan baldintza txarrak salatu ditu: "Ez da onargarria; "Respect" hitza eskatzen dugu langileentzat eta lurraldearentzat".
Gipuzkoako papergintzako langileek hamasei eguneko grebari ekin diote

2019-06-19
Gipuzkoako papergintzako langileek hamasei eguneko grebari ekin diote gaur , ELA, LAB eta CCOO sindikatuek deituta. Gaurko lanuztearen helburua hitzarmena berritzeko negoziazioetan Adegiri presioa egitea izan da. Hernanin egin dute gaurko protesta, bertan baitago Zikunaga Gipuzkoako paperfabrikarik handienetako bat. Bihar, berriz, Tolosan bilduko dira, historikoki Gipuzkoako papergintzako industriaren erdigunea izan delako . Mila lagun inguru babesten ditu papergintzako lan hitzarmenak, eta 2018.urtean amaitu zen azkena. ELA, LAB eta CCOO sindikatuek otsailean bateratu zituzten beraien eskaerak. Sindikatuek eskatzen dutena zera da: soldatak KPI-a baino gehiago igotzea, lan erreformaren neurri batzuetatik babesteko klausulak jartzea eta berdintasuna eta kontziliazio planak egitea. Adegik inflaziotik gorako soldata igoerak eskaini ditu baina ez sindikatuek eskatu adina, hau da, KPI-a gehi %2a.
Bilbaobizi bizikleten mailegurako zerbitzuak prekarietatea eragiten duela salatu dute langileek

2019-06-18
Bilboko udaletxe aurrean bildu dira gaur lan baldintza hobeak eskatzeko. Udalak azpikontratatua duen NextBike enpresarentzat egiten dute lan. 8 hilabete daramatzate bizikleta elektriko hauek martxan. Langileek salatu dute enpresak ez dituela baliabideak moldatu etengabe igotzen ari den eskarira. LABetik adierazi dute egunean batez beste 4 erabilera izango zituzten bizikletak, 20 bidaiatik gora egiten ari direla. Honen aurrean enpresaren erantzukizuna azpimarratu dute, baina baita hau kontratatu duen udalarena ere. Bilboko Udalak azpikontratatutako enpresarekin duen akordioa jardueraren errealitatera egokitzea eskatu dute, langileen lan baldintzak eta segurtasuna akordio horri egokitu beharrean.
Bizkaiko metalgintzan produkzioa "gelditzeko" deia egin dute sindikatuek ekainaren 6 eta 7rako

2019-06-04
Barakaldoko BEC aurrean egin dute agerraldia, Industry Tools azoka zabaldu berritan. Atzo negoziazio mahaia izan zuten eta Bizkaiko Metaleko Patronalaren (FVEM) jarrera azaldu dute. Maiatzaren 23an lehengo greba egunean erakutsi zuten Bizkaiko Metaleko langileek patronalaren jarreraz eta honek mahaian duen blokeo jarreraz nazkatuak daudela. Atzo, soldaten igoerari ezezkoa eman zion patronalak, baita bajetan egoera hobetzeari ere, besteak beste. Sindikatuek argi utzi dute ez dela egon negoziatzeko borondaterik eta gaineratu dute irtenbidea kalera irtetea eta produkzioa gelditzea dela.
010eko langileek lanuzteekin jarraitzen dute

2019-06-03
Bilboko udaleko arreta zerbitzuko langileak lan hitzarmenaren alde borrokan daude. Udalak azpikontratatua duen Lanalden enpresak telemarketing hitzarmena dagokiela esan baitu. 30 urteetan izan dute hitzarmen propioa eta lan baldintzak aldatu dizkiete orain. Maiatzean lanuztea egiten hasi ziren eta oraindik ez dute erantzunik jaso. Bilboko udalak diru publikoaren esleipena egiterakoan zerbitzua azpikontratatzeko kostua handitu zuen, baina honen erabileraren kontrolik eza salatu dute langileek. Enpresa beren eskaeren kontra agertu da eta azpimarratu dute udalak ez duela esku hartu nahi. Nabarmendu dute lanuzteekin daudenean udaleko erantzungailuak ez duela hala islatzen, arazo teknikoen ondorioa dela esaten baitu. Gainera, lan baldintzetan izan dituzten aldaketak azaldu dituzte. Tartean eskatzen duten soldata igoerari uko egin diotela, opor egunetan aldaketak izan dituztela negoziaketarik gabe edo lankide baten beharra dutela. Salatu dute udal gobernua zenak ez duela erantzunik eman ezta enpresak ere. Halabaina, Eh Bildu, Podemos eta PP irailean plenora eramatera konprometitu dira. Bitartean, langileak lanuzteekin jarraituko dute ekainean zehar.
 
bannerra

bannerra