Skip to main content

albisteak

Argia kentzea "iraultzarako pizgarri" izan da Errekaleorren

2018-05-18

Urtebete igaro da Iberdrola eta Ertzaintza argindarra mozteko Errekaleor auzoan sartu zirenetik, eta urteurrena baliatu dute auzokoek balorazioa egiteko. Iazko uneak oroitzerakoan, salatu dute segurtasuna bermatzeko aitzakiapean auzoa eraitsi nahi izan zuela Gasteizko Udalak. Nabarmendu dute hori helburu politikoa zela, autogestioaren bidez lan egin dutelako auzoa bizitoki segurua izateko.

Duela urtebete jasotako kolpea iraultza indartzeko pizgarria besterik ez zen izan, bizilagunen esanetan. Eta iluntasunetik argitasunera salto egin dutela.

Horrez gain, eraikinak egoera hobean daudela diote, eta laster izango den bosgarren urteurrenari begira esku artean egitasmo ugari dituztela aurreratu dute. Erregai fosilak eguzki energiaz ordezkatzeaz gain, esan dute kontsumo eta bizimodu berriak sustatzen dihardutela eta erakutsi dutela beste bizi eredu bat posible dela

Emakumezko pentsiodunek maiatzaren 26ko mobilizazioetan parte hartzeko deia egin dute

2018-05-18

Hego Euskal Herriko emakumezko pentsiodunek lehen lerrora salto egin dute. Plataforma ezberdinetako kideek maiatzaren 26ko manifestazioan parte hartzeko deitu egin dute, 1080 eurotako pentsio duinak eskatuz, zein zaintza eta oinarrizko eskubideak bermatzeko jarduera publikoen beharra azpimarratzeko. Sektore ezberdinetan aritutako emakumezkoen esanetan: “Bizitza osoan lan egin dugu, etxean eta etxetik kanpo baina ez da aintzat hartu eta baloratu”.

Sortzen Jaia, igandean Iruñeko Antoniutti parkean

2018-05-18

Sortzen jaia izanen da igandean Iruñeko Antoniutti parkean. Hizkuntza eskubideak errespeta daitezen beste urrats bat izatea du jaialdiak helburu. Horretarako egitarau anitza prestatu dute: bertso-saioak, ikuskizunak, kontzertuak, azoka eta umeentzako puzgarriak izanen dira bertan egun osoan zehar.

 

Zigor Malbadi: "Eraikuntza hasi ez arren, udalak kargu egin behar du Kortxoenea eraitsitako eremuaz"

2018-05-18

Bi urte eta erdi igaro dira Donostiako Kortxoenea gaztetxea eraitsi zutenetik, eta gaztetxea zegoen eremua egoera txarrean dagoela salatzen dihardute Indianoeneko auzokideek. Eremua erabat utzita dagoela iruditzen zaie eta auzoko egunerokoan eragin kaltegarria duela horrek.

Donostiako Udalak argi utzia du Kortxoenea eraistea eraikinaren jabearen erabakia izan zela, eta aurreko legealdian onartutako hirigintza planaren ondorioz jabeak horretarako eskubidea zuela. Izatez, eraitsitako eremuan, eraikuntza proiektu bat dago aurreikusita, baina lanak ez dira hasi eraikuntza enpresaren arazoengatik. Edonola ere, Indianoeneko auzokideek uste dute udalak ezin diela horregatik bere ardurei muzin egin, eta badagokiola toki horretako garbitasun eta segurtasun baldintzak bermatzea.

Horregatik, auzokideek elkartu eta salaketa dinamika martxan jartzea erabaki dute. Udalarekin harremanetan jartzeko ahalegin bat baino gehiago egin dituzte, baina ez dute erantzunik jaso. Iruditzen zaie Donostiako beste auzo batekoak balira jarrera ez litzatekeela berdina izango, eta ahaztuta sentitzen dira.

Preso ohien aurkako operazioarekin, Sorturentzat "Espainiako gobernua bake nahia zangotrabatzen ari da"

2018-05-18

Guardia Zibilak 50 preso ohiren aurkako ondasunen kontra egindako operazioaren ostean, Sortuk egoera salatu eta kaltetutakoei elkartasuna erakusteaz gain, Espainiako gobernuaren jarrera gogor arbuiatu zuen. Arkaitz Rodriguezen esanetan, "euskal jendartearen bake nahia zangotrabatzen ari dira". Horrekin batera, Genevan egindako ekitaldia bururaino ez eramateko Suitzako gobernuak izandako presioak jakinarazi eta larunbatean Miribillan Sortuk deitu duen ekitaldian parte hartzeko dei egin zuen".

Nafarroako Azoka Ekologikoa, asteburuan zabalik

2018-05-18

Nafarroako Azoka Ekologikoa zabaldu dute gaur Iruñeko autobus geltoki zaharrean eta igandera bitarte izanen da bertara hurbiltzeko aukera. Arlo guztietako produktu ekologikoak daude bertan salgai eta sasoiko eta tokiko kontsumoa bultzatzea du helburu. Nafarroako Nekazaritzako Produkzio Ekologikoaren Kontseiluak antolatu du azoka, Nafarroako Gobernua eta Iruñeko Udalaren laguntzarekin.

 

 
bannerra

bannerra