Skip to main content

albisteak

EGUNEKOA: maiatzaren 7ko albiste nagusiak

2018-05-07

Bidean Gipuzkoako Foru Aldundiaren harrera zentroan indarkeria matxistaren biktimei emandako tratua salatu du mugimendu feministak, Donostian. Kote Cabezudori, berriz, baldintzarik gabeko espetxealdia ezarri diote, sexu abusuak egitea egotzita. Gai horiez gain, Gure Esku Dagok antolatutako galdeketei eta memoria arloko asteburuko zenbait ektialdiri erreparatu diegu, besteak beste. 

Zibero Tardets, Frantziar Estatuko txapeldun

2018-05-07

Zibero Tardets eskubaloi taldeak Frantziar Estatuko erregioen txapelketako finala irabazi du Parisen lehiatutako finalean. Xiberotarrek Kremlin-Becitre 29 eta 24 menderatu zuten. Urtero, ikusmin handia sortzen duen hitzordua da eta Zuberoako kirolaren historiako balentriarik handienetakoa lortu dute.

36an eraildakoen gorpuzkinak aurkitu dituzte Iberon

2018-05-07

36an eraildako bi pertsonen gorpuzkinak aurkitu dituzte asteburuan Iberon, Nafarroan. Testigantza zuzenei esker topatu dituzte. Deshobiraketa lan hauek Nafarroako Gobernuak abian jarritako planaren barruan daude, aurretik Olaben eta Urdanizen egindakoekin batera.

 

Maiatzaren 26rako manifestazioa deitu dute pentsiodunek

2018-05-07

Milaka pentsiodun irten dira kalera asteburuan, eta argi utzi dute Espainiako Gobernuaren 2018rako aurrekontuak atzera ez botatzearen truke jeltzaleek eta popularrek egindako akordioarekin ez daudela ados.

Horren ordez, pentsioak KPIaren arabera igotzea, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa bermatzea, eta azkenaldiko erreformak deuseztatzea nahi dute. Eta maiatzaren 26rako manifestaziora deitzeaz gain, asteleheneroko mobilizazioei ere eutsi egingo diete.

Erabakitzeko eskubidearen aldeko 1.005 bozka Nafarroan

2018-05-07

Atzokoan, Nafarroan 1.005 bozka izan ziren erabakitzeko eskubidearen aldeko galdeketan. Malerreka eta Bertizarana eta Lizarraldeko herrietan izan ziren. Zubietan, hain justu, izan zen parte hartzerik handiena, bozkatzera deituta zeudenen ia erdiak eman baitzuen bere bozka.

 

Baldintzarik gabeko espetxealdia ezarri diote Kote Cabezudori

2018-05-07

Kote Cabezudo argazkilaria espetxeratzea erabaki du epaileak, hainbat emakumek haren aurkako salaketa auzitegietara eraman eta gero. Sexu abusuak leporatzen dizkiote, tartean adingabekoei egindakoak. Ostiralean irten zen ebazpena. Aurrez, ustezko eraso horien zenbait biktimek eta haien gertukoek elkarretaratzea egin zuten Donostiako epaitegi aurrean.

 
bannerra

bannerra