Skip to main content

albisteak

Ajoarrieroa saio berria

2018-04-12

Saio berria estreinatuko dugu Hamaika Telebistan, “Ajoarrieroa”. Anabel Arraizaren gidaritzapean, astero gonbidatu berezi bat izanen da gurean. Kirolariak, aktoreak, politikariak, abeslariak… guztiak nafarrak. Sukaldatzeko aitzakiarekin, pertsonaia bakoitza bere zereginetatik atera eta gertuagotik ezagutuko ditugu Anabel Arraizaren eskutik. Besteak beste, Oier Sanjurjo, Iñaki Perurena, Haizea Zamora, Pello Reparaz eta Zuriñe Hidalgo izanen dira. Igandero gaueko 9etan ikusgai izanen da. Lehengo saioa igandean, apirilaren 15ean, Hamaika Telebistan.

 

Anarik jasoko du Adarra saria, euskal musikari egindako ekarpenagatik

2018-04-11

Anari Alberdik jasoko du Donostiako Udalak ematen duen Adarra saria, ekainaren 21ean. Mikel Laboa izan zen lehena sari hori jasotzen, 2014an. Sei urte baziren hila zela, eta Donostiako Udalak haren ibilbide oparoa saritu nahi izan zuen. Segidan etorri ziren Ruper Ordorika, Benito Lertxundi eta Fermin Muguruza, hurrenez hurren. Musikariaren ibilbideari ematen zaio Adarra saria, eta 21 urte badira Anari diskoak argia ikusi zuela. Horixe izan zuen bakarkako lehen lana.

Tabakalerako zuzendari Edurne Ormazabalek, Amaia Ispizua musika sustatzaileak eta Donostia Kulturako Musika ataleko zuzendari Esther Fernandino batzordeko kideek proposatu zuten haren izena, euskal musikari egin dion ekarpen begi-bistakoa nabarmentzeko.

Egurrezkoa brontzera, betirako izan dadin

2018-04-11

Europa zaharreko hizkuntzak bezala, horiek denak biltzen zituen mapa ere kontserbatu nahi izan dute donostiarrek, eta Udalaren eskariz, 2016an egurrez sortu zuten eskultura brontzera ekarri dute.

Bagerak ospakizun ekitaldi bat antolatu du apirilaren 21erako, Kultura Aniztasunaren Nazioarteko Egunarekin, artelanaren bueltan, eta egileak azalpen gehiago eskainiko ditu.

Nafarroako Gobernuak bat egin du larunbateko manifestazioarekin

2018-04-11

Foru Gobernuak bat egin du Nafarroako Parlamentuak Altsasuko gazteen mobilizazioaren alde onartutako adierazpenarekin bai eta gehiengo sindikalak egindako aldarrikapenekin ere. Gobernuko bozeramaile den Maria Solanak gaurkoan prentsa aurrean salatu du Altsasuko auzian hartutako erabaki judizialak neurritasun printzipioaren aurkakoak izan direla eta, hortaz, erkidegoko erakunde nagusi moduan larunbateko manifestazioan izanen direla, herritarren eskubideak bermatzeko beharra aldarrikatzeko. Solanak deia egin dio Nafarroako jendarteari Altsasuko Gurasoek antolatutako mobilizazioan parte hartzeko.

 

 

Gure oroitzapenak, Joseba Sarrionandia idazlearen obran oinarritutako film kolektiboa

2018-04-11

Gure oroitzapenak, Joseba Sarrionandia idazlearen obran oinarritutako film kolektiboa da. Une honetan “ari gara” edo “work in progress” fasean dago. Bilboko Adabaki ekoiztetxeak produzitu du eta Elkar argitaletxeak, Gastibeltza filmak eta Zenbat Gara elkarteak ere parte hartzen dute. Hamabi zinemagileek pieza bana sortzen ari dira, Joseba Sarrionandiaren corpus literarioan murgil egin eta itsaso sakon bezain zabal horren puzle bat osatu nahian dabiltza. Hartara, Sarrionandiaren iruditeria poetiko eta literarioa zinema lan luze batera bilduta agertuko zaigu lehendabizikoz. Pieza guztiak hari fin batek lotuko ditu eta abiapuntuak ezezik trataera estetikoak ere batasuna emango dio lanari.

Nafarroako Parlamentuak eta gehiengo sindikalak bat egin du Altsasuko gazteen aldeko manifestazioarekin

2018-04-10

Nafarroako Parlamentuak bere babesa adierazi die Altsasuko gazteei atzokoan argitara emandako adierazpen instituzionalaren bitartez. Auzian gizarte demokratikoa eta zuzenbide estatuaren oinarriak urratu egin direla salatu dute eta larunbatean Iruñeko manifestazioan parte hartzeko deia luzatu diete Nafarroako jendarteari. Gaurkoan, gehiengo sindikalak ere bat egin du deialdiarekin, Iruñeko auzitegian izandako elkarretaratzean. 

 
bannerra

bannerra