Skip to main content

emakume

Neurri zehatzak hartzeko eta sistema osoki eraldatzeko eskatu du mugimendu feministak

2018-11-21
Euskal Herriko mugimendu feministako ordezkariek adierazi dute "nazkatuta" daudela indarkeria matxistarekin. Horri aurre egiteko baliabide gehiago jartzeko eta minutuko isilune gutxiago egiteko eskatu diete erakunde publikoei. Sistema judiziala ere patriarkala dela salatu dute, eta babestu ordez, emakumeak epaitu egiten dituela. Hargatik, instituzioetatik eta botere legegile zein judizialetik zeharkakotasunez lan egitea ezinbestekoa dela nabarmendu dute.
Eraldatzeko martxan dagoela aldarrikatu du Emakumeen Mundu Martxak Bilbon

2018-10-29

Bostehun emakumetik gora bildu dira, larunbatez, Bilboko Areatzan egindako Feministon Herrian. Hain justu, Emakumeen Mundu Martxaren XI. nazioarteko topaketaren barnean, Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak hausnarketarako, mobilizaziorako eta ospakizunetarako egitarau propioa atera du aurrera. Hala, agurtu dute gurean egokitu den bi urtean behingo nazioarteko zita ibiltaria, eta erronka ere ezarri dute: ‘bakea' eta 'justizia' kontzeptuak ikuspegi feministatik berraztertu beharra.

Goizeko saioetako ondorio gisa, Emakumeen Mundu Martxa bere borrokaren oinarrietara itzuli beharrean dagoela azaldu dute: egunerokoan, behetik gora doan mugimendua eraiki behar duela eta agenda ere oinarritik diseinatu. Beste gakoetako bat diskurtso feminista eta anti-kapitalista bateratzea da Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxaren ustez. Egungo testuinguruan, feminismo liberalaren olatuarekin, feminismoa eslogan huts bat bilakatzeko arriskua ikusten baitute. Era berean, zailtasun horien guztien aurrean, aliantzen garrantzia nabarmendu dute: mugimendu feministaren barneko aniztasunaz jakitun, barnean dauden pribilejioak mahai gaineratu nahi dituzte.

Bakegintzari buruzko solasaldian, berriz, Euskal Herriko gatazka politikoak ezkutatutako gatazkak ikusaraztea, eta bake eta justizia kontzeptuen esanahi berriak sortzea ezarri zituzten erronka gisa: bakegintza burujabetza prozesuarekin lotzen dute, ETA erakundea armagabetu izanagatik, ez gaudela bake egoeran iruditzen zaie. Eta horren adibide gisa planteatu zituzten egunerokoan gehitzen doazen indarkeria matxistaren biktimak.

Euskal Herriko armagintza industria izan dute hizpide Areatzako hausnarketetan. Militarizazioa bestelako dominazio sistemekin lotuta dagoelakoan, Emakumeen Mundu Martxaren izenean jardun zen Angela Scott estatubatuarrak elkartzeko deialdia egin zuen, zapaltzaile berberek eragindako istorioak partekatzeko.

2019ko martxoaren 8an Emakumeen Mundu Martxak egin asmo duen 24 orduko greba feminista mugarri hartuta, elkarlanean jarduteko deia egin zuen mugimendu feministak arratsaldean, Batu indarrak, urrutira goaz! goiburupean egindako manifestazioan.

Naia Torrealdai: "Feministon herria ez da utopia soilik, emakume asko ari dira proiektu feministetan lanean"

2018-10-25

Astelehenetik abian dira Emakumeon Mundu Martxaren XI. Nazioarteko Topaketak Bilbon. Bi urtean behingo zita ibiltaria oraingoan Euskal Herrian egokitu da. Igandera arte mundu osoko hainbat herrialdetako ehun ekintzaile feminista baino gehiago daude Bilbon, mugimenduaz eta esku artean dituzten borrokez eztabaidatzeko.

Nazioarteko topaketak igandera arte iraungo du. Baina larunbatean, euskal mugimendu feministaren ekimenez, Feministon Herria egingo dute, Areatzan eta inguruetan. Alternatiba eta erresistentzia feministak erakusteko lekua izango da.

EH Bilduk aurrekontuak adosteko aukera ikusten du eta Elkarrekin Podemosek hasierako eskaerei eusten die

2018-10-24

EH Bildu koalizioak aukerak ikusten ditu Eusko Jaurlaritzarekin akordioa lortu eta 2019ko aurrekontuari bide emateko. Elkarrekin Podemosen iritziz, ordea, aurrekontuetan egin daitekeen edozein aldaketa onartzea ez da ezkerreko alderdi batek izan behar lukeen jarrera.

Leire Pinedo legebiltzarkidearen hitzetan, EH Bilduk aurrekontuetarako pentsioez eta enpleguaz egindako proposamenak onartzeko borondate politikoa soilik behar da. Pinedok berretsi du EH Bilduko legebiltzarkide taldea prest dagoela bi abstentziorekin aurrekontuak aurrera ateratzen uzteko, beti ere, pentsiodunek, emakumeek eta gazteek kalean plazaratutako beharrak aurrekontuen bidez aseko direla bermatzen bada.

Eusko Jaurlaritzak 11.784,1 milioi euro gastatzea aurreikusi du 2019. urterako aurrekontu proiektuan. 371 milioi eurora mugatu du Jaurlaritzak datorren urterako gastu hazkundea. Zorpetze gastua eta AHTren diru saila kenduta, beraz, aurten baino %3,6 diru gehiago izango du eskura politika propioak garatzeko. Pedro Azpiazu Ogasun sailburuak zero defizita duen kontu proiektua aurkeztu du, eta ohartarazi du ez dela posible izango gehiago gastatzea, gastu araua urratuko lukeelako.

Hazkunde horren zati handi bat langile eta funtzionamendu gastuetarako erabiliko da, aurten baino 205 milioi gehiago bideratzea jaso du proiektuak. Besteak beste, langile publikoei eskaini zaien soldata igoera sartuko litzateke igoera horretan. Halaber, Inbertsio publiko propioa %7,4 igoko dela nabarmendu du sailburuak. Azpiazuren hitzetan, horiek dira aurrekontuen gakoak: inbertsio publikoak eta izaera soziala.

Aurrekontu esparru horrek definituko ditu kontuak aurrera ateratzeko oposizioarekin egin beharreko negoziazioak. EH Bildu eta Elkarrekin Podemos proposamen zehatzak lantzen ari dira, eta agiri bana helarazi diote Ogasun Sailari. PPk lehen bilera sorta egin du Azpiazurekin, baina ez du igorri dokumenturik.

Elkarrekin Podemosei dagokionez, bidalitako lehen proposamenak gastu hazkunde oso handia zekarrela gogoratu du Ogasun salburuak. Elkarrekin Podemosen izenean, ordea, Julen Bollainek esan du haien eskaerak bere horretan mantentzen direla.

Nazioarteko ekintzaile feministak, Bilbon, mugimenduaz eta borrokez eztabaidan

2018-10-23

Martxan dira Emakumeon Mundu Martxaren XI. Nazioarteko Topaketak. Bi urtean behingo zita ibiltaria oraingoan Euskal Herrian izango dira. Igandera arte mundu osoko 40 herrialdetako 130 ekintzaile feminista bilduko dira Bilbon, mugimenduaz eta esku artean dituzten borrokez eztabaidatzeko.

Astelehenez egin dute topaketak hasteko ekitaldia, EHUren Bizkaia aretoan. Topaketak itxiak izango diren arren, aste osorako hainbat jarduera antolatu dituzte. Antolatzaileen hitzetan, Euskal Herriko mugimendu feministak duen indarra da Topaketak Bilbon egitearen arrazoi nagusia. Horrez gain, ordea, munduko hainbat tokitatik datozen emakumeentzat Euskal Herria haiena baino leku seguruagoa dela ere gogorarazi dute. Hainbat herrialdetan jazarpenak jasaten dituztenei espazio segurua eskaini nahi die Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak.

Hala, astelehen arratseko harrera ekitaldia irekia izan da eta behin hasiera emanda, Nazioarteko Topaketak egitarau propioa abian du: asteartetik ostiralera nazioarteko ordezkariak EHUko Bizkaia Aretoan bilduko dira. Batetik, egungo testuinguruaz eta horrek emakumeengan duen eraginaz hausnartuko dute. Bestetik, V. Nazioarteko Ekintza antolatzeari ere ekingo diote. Azken Nazioarteko Ekintza 2015ean egin zen, Euskal Herritik ere igaro zen nazioarteko karabana feminista, hain justu. Hemendik bi urtera, 2020an izango da hurrengoa.

Nazioarteko topaketak igandera arte iraungo du. Baina larunbatean, euskal mugimendu feministaren ekimenez, Feministon Herria egingo dute, Areatzan eta inguruetan: besteak beste, Alternatiba Feministen Azoka, bakegintzari buruzko solasaldia eta manifestazioa antolatu dituzte. Alternatiba eta erresistentzia feministak erakusteko lekua izango da: sistema arteko indarkeriaren, bizitzaren iraunkortasunaren, sexualitatearen zein aniztasunaren arloetan.

10:00etan ekingo diote egunari, gosari feministarekin. Ondoren, solasaldia eta mahai ingurua egingo dituzte Emakumeon Mundu Martxako kideekin, ‘Feministon bakea eraikitzen’ leloa goiburutzat hartuta. Hain justu, aurten, bizi proiektua Euskal Herrian zuten hainbat emakume erail dituztela nabarmendu dute eta hori bake egoera bat ez denez, hainbat galderari erantzun nahi diete.

Eguerdian, andreen bazkaria ere egingo dute Areatzan, eta arratsaldean manifestazioa. 17:30ean abiatuko da, Arriaga plazatik, Batu indarrak, urrutira goaz! Gure gorputzen eta lurraldeen burujabetzarantz lelopean. Iluntze aldera, kontzertuekin bukatuko dute Feministon Herria eguna: jaia girotzeko kantua sortu duten MICE, Sustraians, Ni Yuta Ni Tuya eta Gora Etorri taldeak arituko dira.

"Engainatuta", argazkiak biluzik atera zizkielako, epaitegietan salatu dute hamar emakumek Haritz Varela

2018-10-10

Hamar emakumek auzitara jotzeko erabakia hartu dute, salatu dutenez, Haritz Varelak «engainuz» argazkiak biluzik atera zizkielako. Iazko uztailean atera zen kasuaren berria. Sortuk jakinarazi zuen Donostiako «militante ezagun bat» bota egin zuela, bere postua baliatuta neska gazteei argazkiak biluzik egin zizkiela eta. Donostiako Piraten mugimenduko partaide ere bazen Varela eta handik ere bota zuten. Argazkiak egin zizkien emakume horietako batzuek salaketa ipini dute orain, eta martxan da prozedura: jakinarazi dute deklaratzera deitu dutela akusatua. Hamar emakumek jo dute epaitegira, baina azaldu dute askoz gehiago direla eraso horiek jasan zituztenak: 40 neska inguru.

Varela kanporatu zuela jakinarazi zuenean, Sortuk salatu zuen ezker abertzalean zeukan «erreferentzialtasuna» erabili zuela neskengana hurbiltzeko eta «engainua» egiteko. Hori berretsi dute salatzaileek ere, erasotzaileak baliatu egin zuela emakume horiek harekiko zuten konfiantza. Argi dute, ordea, egoera salatu eta horri aurre egiteagatik ez dutela ezer txarrik egin eta salaketarako pausoa eman nahi duten gainerako erasotuei ere beren babesa adierazi diete.

Salaketa jarri eta epaitegietara jotzeko bidea ez dela erraza izan ere salatu dute, bide batez, epaitegien izaera matxista eta eraso sexistei ematen dieten trataera desegokia ere jarri dituzte jopuntuan. Horrez gain, erasoa salatu ondoren, egoera deserosoei ere egin behar izan diete aurre: haien hitza zalantzan jarri dutela sentitu dute, asko bakarrik sentitu dira, berriz ere biktimizatu dituztela sentitu dute edota administrazio arloko oztopoekin topo egin dute.

Orain, ordea, aurrera begira jartzeko asmo irmoa erakutsi dute. Jakitun dira eraso matxistak jasateko arriskua izango dutela aurrerantzean ere, gertuko espazioetan eta gizartekoetan, oro har. Baina orain arteko bidea elkarrekin egin izanak indartu ditu eta horri eutsiko diete.

 
bannerra

bannerra