Arduragabekeriatzat jo du Beñat Zaldua GARAko kazetariak Salvador Illa osasun ministro espainiarrak gaur egindako iragarpena. Are gehiago kontutan izanda aldez aurretik egin zituen iragarpenak ez direla bete. Bestalde, memoriaren eguna izaki, Gasteizko legebiltzarrean "gaur egindako ekitaldia euskal gizartean aspaldidanik existitzen den kontsentsu minimo horren isla" dela azaldu digu.
Euskal Autonomia Erkidegoan tabernak ixteko agindua indarrean egon den lehenengo asteburuaren ondoren, hartutako neurriek sektorean duten eraginari buruz hitz egin dugu Estitxu Garairekin. Horrez gain, Pfizer konpainiak euren bakunak %90eko eraginkortasuna duela iragarri ondoren, osasuna logika kapitalistatik atera behar dela aldarrikatu du Garaik.
Amerikako estatu batuetako hauteskundeei buruz hitz egin dugu Eguzki Urteagarekin. Bidenen balizko garaipenaren gakoei buruz eta parte hartzearen igoerari buruz hitz egiteaz gain, Trumpek hartu duen jarrerari buruz ere hitz egin dugu berarekin.
Amerikako Estatu Batuetako hauteskundeen behin behineko emaitzei buruz hitz egin dugu Beñat Zalduarekin. Azaldu digu politikoki horren urrun egon ez arren, azken lau urteotan asko areagotu dela demokrata eta errepublikarren arteko alde emozionala, eta testuinguru honetan elkarrizketa batek ia ezinezkoa dirudiela. Horrez gain, Nafarroan azken egunetan Covid-19aren datuek izandako beherakadari buruz ere hitz egin dugu, eta baita Parisek poliziei argazkiak atera edo grabatzea debekatzeko duen asmoari buruz ere.
Amerikako Estatu batuetako hauteskundeei begira ekin diogu gaurko analisiaren tarteari. Estitxu Garaik azaldu digu ulertzen duela AEBetan ezkerreko erreferente izan daitezkeen batzuek Joe Bidenentzat botoa eskatzea "aukera ez txarrena" delako, baina uste du gakoa AEBetako hauteskunde sistema bera dela. Gerturagora etorrita, Katalunian ANCko zuzendaritzako 7 kidek dimisioa eman ondoren, Garaik nabarmendu nahi izan du dimisio horiek argi uzten dutela Otsaileko Kataluniako hauteskundeetan jokoan dagoena aldebakartasunaren legitimazioa dela.