Skip to main content

Amaiera

Ziklo itxieraren berri eman die ETAk hainbat erakunderi

2018-05-02

ETAk bere zikloaren berri emanez gutun bat bidali die instituzio eta ordezkari politikoei. Eskutitzean, erakundeak amaitutzat eman du 2010ean hasitako prozesua. Hori bai, nabarmendu du gatazka ez zela ETAren sorrerarekin hasi, eta ez dela ETA desegitean amaituko.

Azken urteetan gatazka amaitzeko egindako ahaleginak hutsean amaitu direla dio idatziak, eta erantzukizunaren zati bat bere gain hartzen du erakundeak. Gatazka behin betiko amaitzeko aukera gisa aurkezten du honakoa taldeak, eta etorkizuna "elkarlanean" eraikitzeko deia egiten dio euskal gizarteari.

Gaur jakin dugu, bestalde, Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkullu ere harremanetan jarri dela Harremanetarako Nazioarteko Taldeko kideekin gutun bidez. Eskerrak eman dizkie egindako lanagatik, Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak baieztatu duenez. 

Horrez gain, Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua ETAren azken adierazpenaren balorazio bateratua egiteko aukera aztertzen arituko lirateke. Hala iradoki dute Erkorekak berak eta Maria Solana Nafarroako Gobernuko bozeramaileak.

EGUNEKOA: maiatzaren 2ko albiste nagusiak

2018-05-02

Ostiralean Kanbon egingo den nazioarteko topaketaren bezperetan, geroz eta xehetasun gehiago jasotzen ari gara ETAren amaieraz. Gaurkoan, erakundeak ordezkari eta instituzio politikoei igorritako gutunaren berri izan da. Horrez gain, erreparatu diogu Eneko Compains torturatzea egotzita epaitu dituzten Guardia Zibilen auziari ere. Egunak albiste beltza ere utzi du, Bidarten emakume bat hil dutelako eta haren gizonezko bikotekidea atxilotu dutelako. Gainera, kultura eta kirol gaiei ere erreparatu diegu.

EGUNEKOA: Apirilaren 30eko albiste nagusiak

2018-04-30

Autoarekin harrapatuta emakumezko bikotekide ohia hiltzeagatik espetxeratu dute larunbatean Donibane Garazin atxilotutako gizona. Horrez gain, erreparatu diogu larunbatean Iruñean egindako manifestazio jendetsuari ere, 2016ko sanferminetako taldeko bortxaketaren sententziaren aurka egin zenari. Horrez gain, ETA erakundearen amaieraren atarian, ostiraleko Kanboko ekitaldira begira jarraitzen dugu.

EGUNEKOA: apirilaren 25eko albiste nagusiak

2018-04-25

EAJk Espainiako aurrekontuen negoziazioan sartzeko duen asmoa, Altsasuko auziari buruzkoak eta ETAren amaieraren harirako kontuak nabarmendu dira gaur politika gaietan. Gizarte arloan, berriz, ELAk maiatzaren 1erako egindako deialdiaren berri jaso dugu. Baita Iruñeko Udalak pisu turistikoen araudia osatzeko abiatu duen prozesu parte hartzailearen berri ere.

Bi arma kutxa utzi ditu ETAk Baionan

2018-04-25

ETAk armaz betetako bi kutxa utzi ditu Frantziako agintarien esku Baionan, Baionako prokuradoreak baieztadu duenez, eta Frantziako Polizia kutxa horien edukia aztertzen ari da orain. Lokalizatu gabe zegoen materiala izango litzateke, iazko apirilaren 8ko armagabetze egunaren ondoren topatutakoa.

Urtea bete da apirilaren 8an ETA armagabetu zenetik, eta erakundearen behin betiko desegitea irudikatzeko ekitaldia maiatzaren 4an egingo dute Kanbon, Arnaga Etxean. Bakebideak jakinarazi du 12:00etan hasiko dela ekitaldia, eta jada gonbidapenak bidali dizkiela Euskal Elkargoari,Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari, alderdi politikoei eta sindikatuei. Baita "gatazkaren konponbidean jarduten diren gizarte zibileko zenbait eragileri" ere.

Gogora ekarriko dugu Harremanetarako Nazioarteko Taldeak, Foro Sozialak eta Bake Bideak antolatu dutela maiatzaren 4ko jardunaldia. Aipatu dugunez, euskal erakunde publikoei bidali diete gonbidapena, baina Hego Euskal Herrikoen kasuan, ez direla bertan izango erantzun dute. Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkorekak asteartean esandakoa berretsi du.

Bide beretik jo du Nafarroako Gobernuak ere. Maria Solana bozeramaileak zehaztu du gonbidapena jaso dutela, baina ez dutela prozesuan parte hartu, "armagabetzearekin gertatu zen bezala", haren hitzetan.

Jaurlaritza ez da Kanbon egongo, haren lekua "beste nonbait" dagoela uste duelako

2018-04-24

Eusko Jaurlaritza ez da maiatzaren 4an ETAren amaiera irudikatzeko Kanbon egingo duten topaketan egongo. Josu Erkoreka bozeramailearen arabera, Jaurlaritza ez datorrelako bat Harremanetarako Nazioarteko Taldeak, Bake Bideak eta Foro Sozial Iraunkorrak Baionan aurkeztutako ekitaldiaren ikuspuntuarekin.

Edonola ere, Erkorekak esan du Jaurlaritzak ez diola "garrantzia kendu" nahi ETAren desegiteari, baina, haren hitzetan, Lakuako Gobernuak izan beharreko "lekua" ez dago ekitaldi horretan.

Aurrera begira, berriz, ETAren azken adierazpenaren balorazioa egingo duela Jaurlaritzak esan du Erkorekak. Eta adierazpen bete beharreko baldintzak ere aurreratu ditu.

 
bannerra

bannerra