Migrazio politikak lerroburuetara ekarri ditugu, sarritan, azken aldian. Aldi baterako migratzaileei egiten diegun harrera dago eztabaidaren fokuan, baina besteak beste, Irunen, Donostian eta Bilbon sortutako harrera sareak aldarrikatzen ari dira badela garaia epe luzeagorako konponbideak bilatzeko, eta Euskal Herrian geratu nahi duten horiei ere arreta eskaintzeko.
Cherifen kasua da hori. Hilabete darama Txantxarrekan, Donostiako Antigua auzoko gaztetxean. Hura bezala beste hamarnaka migratzaile lanean ari dira harrera sarearekin, erakunde publikoek beren egoeran dauden horiei ere hemen aukera bat eman diezaien. Bizitza Euskal Herrian irudikatzeko, ezeren aurretik, eta ezinbestean, aterpe bat eskatzen dute.