Skip to main content

Sareren saio berria Hamaika Telebistan ikusgai

Sareren saio berria Hamaika Telebistan ikusgai

Sarek, martxoaren amaieran egin zuen bezala, gaur ere saio berezia egingo du sare sozialetan, euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideak aldarrikatzeko, bisitarik jasotzen ez duten egoera honetan. Arratsaldeko 7etatik aurrera izango da, Sareren Youtube eta facebookeko kanaletatik streaming bidez, edota hamaika telebista eta hamaika.eus-etik jarraitzeko aukera egongo da. 30 minutuko saioa zinez hunkigarria izango da. Itzi Gamero ipuin kontalariak, kultur munduko hainbat aktore eta kideen laguntzaz, salbuespen legediaren eta egungo konfinamendu egoeraren ondorioz preso eta senideek bizi dituzten hainbat egoera jasotzen dituen ipuina irakurriko dute, tartean, Ramon Agirre aktorea. Ondoren Anaiz Funosas bakegileak frantziar estatuan euskal presoek bizi duten egoeraz hitz egingo du, eta Olivier Peter Europar abokatuak Nazio Batuen Erakundeko gomendioen inguruko iritzia ekarriko du. Saioaren ostean, herritarren txanda izango da: leihoak ireki eta hiru aldiz txistu egitera dei egiten zaie, salbuespen legediarekin amaitu behar dela eta etorkizun berri bati leihoak zabaltzeko ordua dela irudikatzeko. Momentua grabatu eta sare sozialetara igotzeko eskatu du Sarek. Hortaz, gaur arratsaldeko 7etatik aurrera Sareren Facebook eta Youtubeko kanaletan eta Hamaikan, bai telebistan, bai web gunean elkartasun hitzordua egongo da, jasanezina den egoera honekin amaitu behar dela munduari erakusteko.

 
bannerra

bannerra