Skip to main content

Ibilbidea

HAMAIKA TELEBISTAk 2006an eman zituen bere aurreneko pausuak, CMN TV, EKHE, EKT, ELKAR eta BAINET bazkideek HAMAIKA TELEBISTA HEDATZEKO TALDEA S.A. enpresa sortu zutenean. Aurkezpen ekitaldia urte bereko irailaren 19an egin zen, Bilbon, jende aurreko gogoangarri, arrakastatsu eta ilusionagarri batean.

Lehendabiziko lana, Eusko Jaurlaritzak zabaldutako tokiko telebista digitalen lehiaketan parte hartzeko proiektuak prestatzea izan zen.

2007ko urte hasieran eskualde ezberdinetako euskalgintza eta euskal komunikabideetako partaideekin batera sei enpresa sortu zituen lizentzien banaketara 10 eskualdetan aurkezteko.

  • Bilbo Handia Ikusentzunezkoak S.A.
  • Donostialdea Ikusentzunezkoak S.A.
  • Araba Ikusentzunezkoak S.A.
  • Urkiola Ikusentzunezkoak S.L.
  • Arno Ikusentzunezkoak S.L.
  • Oarsoaldea Bidasoa Ikusentzunezkoak S.L.

Horrekin batera HAMAIKA TELEBISTA Euskal Herrian dagoeneko emititzen ari ziren euskarazko tokiko telebistekin harremanetan jarri zen eta elkarlanean aritzeko Sare hitzarmen bana sinatu zuten.

2007ko udan erabaki zuen Eusko Jaurlaritzak lehiaketa eta tokiko telebistak emititzeko lizentziak banatu zituen. HAMAIKA TELEBISTAk aurkeztutako 10ak eskuratu zituen eta euskarazko beste 5 telebistek ere bai.

Honela Euskal Autonomia Erkidegoko 15 eskualdetan emititzeko baimena dauka euskarazko toki telebista sareak.

Ibaizabal elkartearekin batera abiatu genituen HAMAIKA BILBO TELEBISTA ren lehen urratsak. Eta 2.009ko otsailean hasi zen bere lehen emisioekin. Emisioekin hastearekin batera kapital handitze kanpaina bat abiatu genuen 2.009an, eta badira honezkero 380 akziodun gizarte eragile eta norbanakoen artean. Telebista digital azpiegitura osoa du Hamaika Bilbo Telebistak, eta iraunkorki emititzen dihardugu 2.009 otsaila geroztik.

HAMAIKA DONOSTIA TELEBISTA 2.010 urtearekin abiatu genuen. Hamaika Bilbo eta abian diren Euskarazko Toki Telebisten Sarearen itzalean ekoizpen propioa ari garatzea izan dugu erronka emisioen lehen urte honetan. Eta Bilbon egindakoaren bidetik kapital handitzea dugu abian 2.010eko maiatzetik, dagoeneko 630 akziodun berri erakartzea lortu dugularik.

INTERNET izan dugu telebistak abiatzearekin batera zabalkunderako baliatutako beste bidea. Emisioak hastearekin bat izan du telebista bakoitzak bere erakusleihoa sarean, eta egitasmoaren berri ematearekin bat, ekoizpen propioa eta baita zuzeneko emisioa ere ari gara mundu zabalean eskaintzen. Halaber, sare sozialetan eta beste zenbait euskarazko komunikabideetan ere zabaltzen ditugu gure ekoizpen eta albisteak.

Hurrengo erronkak
Seinalea EAE osora hedatzea da hurrengo hilabeteetarako erronka nagusia. Horrekin batera, ekoizpen propioa areagotzen jarraitu, interneteko zabalkundea eta parte-hartzea sustatu, eta finantzabideak jorratzea ditugu hurrengo aldirako lehentasunak.