Skip to main content

Azken bideoak: Grebak

bideoa prestatzen
Gipuzkoako papergintza eta grafikagintzako greba jarraipen zabala izaten ari da

2019-06-26
Gaur, Gipuzkoako industria alorreko bi sektoreek, Grafikagintzak eta Paperak, egun osoko greba burutu dute beren hitzarmen kolektiboen defentsan eta benetako negoziazioa aldarrikatzeko. Langileek kontzentrazioa egin dute ADEGIren egoitzaren aurrean. Papergintzaren kasuan, gaurkoa hirugarren greba eguna izan da eta aurreko bi greba egunetan bezala %90ko jarraipena izan du, ekoizpena geldiaraziz. Grafikagintzako sektorean gaurkoa lehenengo greba eguna izan da, eta grebak arrakasta handia lortu du, %80ko jarraipena izan baitu. Bihar, bi sektoreek beste greba egun bat burutuko dute. 12:00etan, manifestazioa egingo dute Tolosako triangulo plazatik.
bideoa prestatzen
Bizkaiko metal arloko milaka langile irten dira kalera lan hitzarmen duin bat eskatzeko

2019-06-07
Jarraipen zabala izan du gaurkoan ere Bizkaiko metal arloko grebak. Sindikatuen arabera langileen %85ak egin du bat greba deialdiarekin. Patronalak, aldiz, parte hartzea %20koa bakarrik izan dela dio. Bilbon, milaka izan dira sindikatuek hiriaren erdigunean deitutako manifestazioarekin bat egin dutenak. ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuez gain, manifestazioarekin bat egin dute ESK, USO, CNT eta CGT-k ere. 6.000 lagun inguru, naiz.eus-en arabera. Sektoreko lan hitzarmen bat eskatzen dute langileek.
bideoa prestatzen
Bizkaiko metalgintzan produkzioa "gelditzeko" deia egin dute sindikatuek ekainaren 6 eta 7rako

2019-06-04
Barakaldoko BEC aurrean egin dute agerraldia, Industry Tools azoka zabaldu berritan. Atzo negoziazio mahaia izan zuten eta Bizkaiko Metaleko Patronalaren (FVEM) jarrera azaldu dute. Maiatzaren 23an lehengo greba egunean erakutsi zuten Bizkaiko Metaleko langileek patronalaren jarreraz eta honek mahaian duen blokeo jarreraz nazkatuak daudela. Atzo, soldaten igoerari ezezkoa eman zion patronalak, baita bajetan egoera hobetzeari ere, besteak beste. Sindikatuek argi utzi dute ez dela egon negoziatzeko borondaterik eta gaineratu dute irtenbidea kalera irtetea eta produkzioa gelditzea dela.
bideoa prestatzen
010eko langileek lanuzteekin jarraitzen dute

2019-06-03
Bilboko udaleko arreta zerbitzuko langileak lan hitzarmenaren alde borrokan daude. Udalak azpikontratatua duen Lanalden enpresak telemarketing hitzarmena dagokiela esan baitu. 30 urteetan izan dute hitzarmen propioa eta lan baldintzak aldatu dizkiete orain. Maiatzean lanuztea egiten hasi ziren eta oraindik ez dute erantzunik jaso. Bilboko udalak diru publikoaren esleipena egiterakoan zerbitzua azpikontratatzeko kostua handitu zuen, baina honen erabileraren kontrolik eza salatu dute langileek. Enpresa beren eskaeren kontra agertu da eta azpimarratu dute udalak ez duela esku hartu nahi. Nabarmendu dute lanuzteekin daudenean udaleko erantzungailuak ez duela hala islatzen, arazo teknikoen ondorioa dela esaten baitu. Gainera, lan baldintzetan izan dituzten aldaketak azaldu dituzte. Tartean eskatzen duten soldata igoerari uko egin diotela, opor egunetan aldaketak izan dituztela negoziaketarik gabe edo lankide baten beharra dutela. Salatu dute udal gobernua zenak ez duela erantzunik eman ezta enpresak ere. Halabaina, Eh Bildu, Podemos eta PP irailean plenora eramatera konprometitu dira. Bitartean, langileak lanuzteekin jarraituko dute ekainean zehar.
bideoa prestatzen
Bizkaiko metalgintzako grebaren jarraipena "handia" izan da, sindikatuen arabera

2019-05-23
Sektoreko lan hitzarmen berri baten alde ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek beste lau greba egun deitu dituzte ekainerako: 6an, 7an, 20an eta 21ean. Guztira, 50.000 langile daude greba egitera deituta. Mikel Etxeberria gehiengoa duen ELA sindikatuko bozeramaileak adierazi duenez, langileen erantzuna handia izan da, Bizkaian tamaina eta ezaugarri askotariko enpresak daudela kontuan izanda. CNT sindikatuak ere bat egin du borrokarekin nahiz eta deitzaileen artean ez izan. Hitzarmen berriaren negoziazioa ez aurrera ez atzera dagoela salatu dute sindikatuek. 2011koa da Bizkaiko metalgintza sektoreko azken ituna. Aldarrikapenen artean, 2018tik falta zaizkien atzerapenak jasotzea eta soldata igotzea daude. Patronalak, bere aldetik, gezurtatu egin du sindikatuek esandakoa. Manifestazioa Euskadi plazan amaitu dute, Bizkaiko metaleko patronalaren egoitzan. Gaurko greba egunaren ostean, ekainaren 3an egingo dute lan hitzarmena berritzeko hurrengo bilera.
bideoa prestatzen
Gipuzkoako diputaziora sartu dira zahar etxeetako langileak

2019-05-21
Beharginek hilabeteak daramatzate lan itunaren aldeko mobilizazioetan, iazko urritik. 5.000 langile inguru dira, gehienak emakumeak.LABek protesta hasi du foru aldundian, atarian eseri dira langile batzuk, eta kanpoan ere bildu dira babesa ematera. Diputazioaren egoitzan sartuaz batera, segurtasun zaindariak azalpenak eskatu dizkie: argazkirik eta zaratarik ez egiteko eskatu diete. Lurrean eserita jarraitu dute langileek, sirena eta txistu hotsa ateraz. Gaua pasatzeko ere prest daudela esan dute. Langileek hitzarmena nahi dute orain eta ez dira joango lortu arte. Mahai-negoziatzailea blokeatua dagoela gogorazi du LABek; ELAk, gehiengoa izanik, mahaia utzi baitzuen. Ertzainak ere agertu dira diputazioko atarira, protestako arduradunak identifikatu dituzte eta kazetarien lana oztopatu. Gaur hasi eta hilaren 25era arteko grebarako deia eginda dutela gogorarazi dute sindikatuko kideek, eta diputaziora sartzean egin duten urratsak ez duela atzera-bueltarik: ateratzen dituzten arte jarraitu nahi dute han.