Skip to main content

Azken bideoak: Gobernua

bideoa prestatzen
Krisi egoera gainditzeko gobernu aldaketak egin ditu Macronek

2018-10-16

Emmanuel Macron Frantziako presidenteak aldaketak egin ditu gobernuan eta Christophe Castaner jarri du Barne Ministerioaren buru, orain arte gobernuko bozeramailea izan dena eta Macronen erabateko konfiantza duena. Horrekin batera jakinarazi du Eliseoak Macroni etapa berrian lagunduko dioten ministroen zerrenda, azken asteetako gorabeheren ondoren.

Nicolas Hulot Ingurumen ministroaren eta Gerard Collomb Barne ministroaren dimisioen ondoren, Barne Ministerioan, Kulturan eta Laborantzan egindako aldaketekin krisi egoerari aurre egitea espero du Macronek. Castanerrek ondoan izango du Laurent Nuñez estatu idazkaria. Jacqueline Gourault lurraldeen ministroa izango da, eta ondoan izango ditu Sébastien Lecornu et Julien Denormandie; Kultura ministerioan, Franck Riester ezarri dute, hark azken hilabeteetan polemikek zipriztindu duten Françoise Nyssen ordezkatuko du. Laborantza ministerioa Didier Guillaumek hartuko du, senatari sozialisten buru ohiak. Azkenik, Marc Fesneau arduratuko da gobernua eta parlamentuaren arteko harremanez, Edouard Philippe lehen ministroaren ondoan.

Azken hilabeteetan gorabehera handiak izan ditu Frantziako Gobernuak, eta Benalla aferaren ondoriozko Macron ahulduaren irudia erakutsi dute. Azken asteetan, ezkerreko zein eskuineko politikari bat baino gehiagok jakinarazi du publikoki Frantziako Gobernuan sartzeari uko egin izan diola. Hain justu, deigarria izan da gobernu aldaketa jakinarazteko modua ere: lehen ministroaren ala gobernuko bozeramailearen ohiko adierazpenen ordez, agiri bidez jakinarazi baitituzte ministro berriak.

bideoa prestatzen
Alokairu sozialeko etxebizitzak sustatuko ditu Nafarroako Gobernuak

2018-10-15
100dik gora alokairuzko etxebizitza sustatuko ditu Nafarroako Gobernuak landa eremuan, Iruñerria kanpoko eskaintza handitzeko. Horrela, exekutiboak bere apustua berretsi nahi du alokairu sozialeko etxebizitza kopurua handitzeko bai eta eraikinen eraberritze lanak sustatzeko ere.
bideoa prestatzen
Independentismoa zatituta, zaildu egin da iazko urriaren 1eko mandatuari eustea

2018-10-10
Junts Per Catalunya eta ERC ez dira gai izan Espainiako Auzitegi Goreneko epaile Pablo Llarenaren ebazpenari aurre egiteko modu bateratua adosteko. ERCkoek diputatu auzipetuen boto delegatuak alde batera uztea onartu duten bitartean, JxCkoek hori beren marra gorria dela nabarmendu dute. Astearteko osoko bilkuran egindako bozketetan antzeman da independentismoaren zatiketa, besteak beste.
bideoa prestatzen
Independentzia zaleek Kataluniako Parlamentuko gehiengoa galdu dute

2018-10-09

Independentistek gehiengoa galdu dute Kataluniako Parlamentuan. Hain justu, Parlamentuko Mahaiak goizean erabaki du ez onartzea JxCko lau diputatu auzipetuen boto delegatuak, eta, beraz, ezingo dutela bozketetan parte hartu.

Neurri horrek Carles Puigdemont presidente kargugabetuari, eta Jordi Turull, Josep Rull eta Jordi Sanchez kontseilari auzipetuei eragiten die. Eta orain, independentistek ez dute gehiengo osorik JxCko lau diputatu auzipetuen botorik gabe. Arratsaldean bertan ikusi da lehen ondorioa: osoko bilkuran egindako hainbat bozketatan, gehiengoa galdu dutelako independentistek, adibidez, "Kataluniaren autodeterminazio eskubidea berresteko" aurketutako testua ez dute onartu.

Hain justu, jarreraz aldatzeko eskatu dio ERCk JxCri, eta auzipetutako bere lau diputatuen ordezkoak izendatu ditzala, aurretik ERCko Oriol Junquerasek eta Raul Romevak egin bezala. JxC, baina, ez da prest agertu diputatu auzipetuak ordezkatzeko, eta bere "marra gorria" dela adierazi du.

Hain justu, JxCko lau diputatuek ohar bat kaleratu dute adieraziz parlamentuko mahaiaren erabakia onartzen dutela, eta beren gain hartzen dutela haien botoek baliorik ez izatea. ERCren eta JxCren 61 diputatuak nahikoa izatea espero dute, legealdiarekin aurrera jarraitzeko eta Generalitateari eusteko.

Ba Elsa Artadi Generalitateko bozeramaileak ziurtatu du ERC eta JxC talde parlamentarioek generalitateko legealdiarekin aurrera jarraitzeko konpromisoari eusten diotela, eta nork bere portaera duen arren, aniztasun independentistaren barnean kokatzen direla denak. Horrez gain, esan du errepresioari aurre egiteko modu guztiak diela zilegi eta Generalitatearen gobernagarritasuna bermatuta dagoela.

bideoa prestatzen
Generalitatearen "egonkortasuna" bermatu dute JxC eta ERCk

2018-10-05
Diputatu kargugabetuen boto delegazioaren tramitazioak kolokan jarri du JxCren eta ERCren arteko gobernu akordioa. Ezohiko bilera baten ondoren ados jarri dira, eta "egonkortasuna" bermatu dute. Espainiako Auzitegi Goreneko ebazpenak heldu arte, "gutxienez", Kataluniako Generalitateak batasunari eutsiko diola esan dute Quim Torra presidenteak eta Pere Aragones presidenteordeak. Ebazpenak legealdiko mugarritzat jo dituzte, baina bitartean, beren arteko koordinazioa hobetuko dela esan dute.
bideoa prestatzen
Nafarroako zenbait funtzionario mailaz igoko dira, LAB, UGT eta CCOOek Foru Gobernuarekin sinatutako akordioari esker

2018-10-04
Nafarroako Gobernuak funts gehigarrien banaketarako akordioa sinatu du LAB, UGT eta CCOO sindikatuekin. Akordioaren bidez, zenbait langile publiko mailaz igoko dira, urte luzez egindako aldarrikapenei erantzunez. Aurka azaldu dira Satse, SAE, ANPE eta SNM sindikatuak, hitzarmenak ez duelako hobetuko langile guztien egoera. Beaumont kontseilaria pozik agertu da akordioarekin, baina adierazi du ez dela nahiko eta lanean jarraituko dutela.