Skip to main content

Azken bideoak: Gobernua

bideoa prestatzen
Sanchezekin batera agertu da Urkullu ETAren aurkako "garaipen" argazkian

2018-10-02

Ez genuen Baionako armagabetze egunean ikusi, ezta Kanbon ere, Arnaga etxean Aieten hasitako bideari amaiera eman zitzaionean, goizez. Egun horretan, une historikoaz hitz egiteko, arratsaldez egin zuen agerraldia Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko lehendakariarekin. Baina Madrilen bai, Madrilen, Felipe Gonzalez Espainiako presidente ohiaren ondoan gorde zioten aulkian esertzeko erabakia hartu du Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak.

Izan ere, Frantziako eta Espainiako gobernuek ETA «garaitu» izana irudikatu dute Madrilen eginiko ekitaldi batean, astelehen arratsean. Biktimen memoria gordetzeko beharra azpimarratu dute Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentea, eta Edouard Philippe Frantziako lehen ministroak.

Hasieran, Urkullu ez zen ekitaldira joatekoa, joan den ostiralean jaso zuelako gonbidapena eta agenda okupatua zuela adierazi zuen orduan. Baina Madrilgo ekitaldian egotea erabaki zuen azkenean. Ekitaldiaren ondoren, sare sozialetan zabaldu zuen bere balorazioa. Haren hitzetan, ETAren aldia bukatuta, biktimen aitortzan eta erreparazioan berresteko garaia da.

Izatez, ETA erakundeak aurtengo maiatzaren 3an eman zuen bere ibilbidearen amaierari buruzko erabakiaren berri, eta Espainiako eta Frantziako gobernuek beste bost hilabete behar izan dituzte ETAren bukaera ofizialtzeko. Madrilek eta Parisek ekitaldi bat antolatu zuten Moncloan, Borroka Antiterroristarako Lankidetza Espainiar-Frantziarraren Ekitaldia izenburupean, Parisek Madrilen esku uzteko ETAren 8.000 bat dokumentu eta material, eta, entrega horren bidez, erakunde armatua zenaren amaierari estatuen zigilua jartzeko.

Ekitaldia jarraitzen zeuden Jose Luis Rodriguez Zapatero eta Felipe Gonzalez Espainiako gobernuburu ohiak, Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakari ohia, Jesus Loza Espainiako Gobernuak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan duen ordezkaria eta biktima elkarte batzuetako ordezkariak. PPko inor ez. Urkullu aretoan sartzen azkenetakoa izan zen; justu Philippe eta Sanchez heldu baino segundo batzuk lehenago eseri zen Urkullu, Gonzalezen aldamenean. Nafarroako Gobernuko ordezkaritzarik ez zen egon.

bideoa prestatzen
Kataluniako Konstituzioa zehazteko gizarte foroa urriaren 15erako osatu nahi du Quim Torrak

2018-09-26
Osoko bilkurarako astebeteren faltan, Quim Torra Kataluniako Generalitateko presidenteak aurkeztu du legealdiko plana. Kataluniako konstituzioaren oinarriak zehaztea eta legealdia agortzea aurreikusi du Torrak. Horrez gain, Junts Per Catalunyak eta ERCk parlamentuan gehiengoari eusteko akordioa egin dute aste honetan.
bideoa prestatzen
Nafarroak 113 milioi euro inbertsio publikoetara bideratuko ditu

2018-09-21
Nafarroak 113 milioi euro bideratuko ditu inbertsio publikoetara. Hain zuzen, iaz Nafarroak lortu zuen superabitaren erdia da; gainontzekoa zorra amortizatzeko erabiliko baita. Guztira 215 milioi euroko superabita lortu zuen Nafarroak. Iraunkortasunaren legearen arabera diru hori zorra ordaintzera zuzendu behar bada ere, zirrikitu bat aurkitu du laukoak inbertsio jasangarriak egiteko. Atzo bertan erregistratu zuten Foru Lege Proposamena eta urriaren 4rako onartzea espero dute.
bideoa prestatzen
Estatus berriarekiko desadostasunak politika orokorreko saioko ardatz

2018-09-20

Estatuaren izaera plurinazionala onartu, eta Gernikako Estatutua betetzeko eskatu dio Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteari.

Autogobernu lantaldean adostutakoa zabaltzearen alde dago Jaurlaritzako lehendakaria, baina aurrena, onartuta dagoena bete behar dela nabarmendu du.

Akordioa nahi du Urkulluk, eta autogobernurako eskumen gehiago izatea. Espainiarekin errespetuzko aldebiko harremana izateko, berriz, "ahalik eta esparru zabalenera eramango dituen bidea" topatzeko ahalegina egin die legebiltzarreko gainerako taldeei.

Goizean, Eusko Legebiltzarrean egindako politika orokorreko saioan egin ditu hitz horiek Urkulluk. Arratsaldeko saioan, hari erantzuteko aukera baliatu dute alderdiek, eta autogobernuarena izan da, nola ez, ardatzetako bat.

PPko bozeramailea Alfonso Alonsok, esaterako, mehatxuka ari ote den galdetu dio lehendakariari. PSEren izenean, Idoia Mendiak autogobernuaren inguruan akordio zabalagoak bilatzera jotzea beharrezkoa dela esan du. Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramaileak, berriz, herri akordioetarako prest daudela baieztatu du, baina baita EAErako estatus berriaz jeltzalek eta koalizio abertzaleak adostutakoa herritarrentzat ona dela ere.

bideoa prestatzen
Arrakalak eragin dituzte lauko alderdian Maravillas gaztetxearen inguruko gertaerek

2018-09-12
Gaztetxeen loraldi bat eman da azkenaldia Nafarroan. Iruñeko Alde Zaharreko Maravillasekin batera, Arrotxapean, Tafallan, Lizarran, Burlatan, Berriozarren edota Mendillorrin sortu dituzte gaztetxeak. Horietako gehienetan, Udalekin egindako akordioei esker aurrera atera dira proiektuak. Maravillas gaztetxearen inguruko gertaerek Gobernua sostengatzen duen laukoan arrakalak eragin dituzte.
bideoa prestatzen
EH Bildurekin adostutakoarekin jeltzale "denak" ados daudela ziurtatu du Erkorekak

2018-09-05

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkorekak esan du EAJn denak daudela ados EH Bildurekin estatus berriaz adostutako oinarriekin. Izan ere, Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak astelehenean adierazi zuen "aztertu" beharra dagoela EAJk eta EH Bilduk adostutako edukiak, baina oinarri horiei ez zaiela uko egin behar. Erkorekak argitu du ez dagoela "sakoneko desberdintasunik" bi iritzien artean.

Akordioan parte hartu duen koalizioko koordinatzaile Arnaldo Otegi Bruselan da, Abdullah Öcalan buruzagi kurdua aske uztea eskatzeko ekitaldi batera joanda. EH Bilduko ordezkariak han hartu du hitza eta esan du EAJrekin egindako akordioak “Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren gehiengoaren sentimendu politikoarekin” konektatzen duela.

Jeltzaleen kritiketako bat izan da PSE-EEk eta PPk ez dituztela beren jarrerak moldatu akordio bat errazteko. Kritika horri, ordea, gaur erantzun dio Idoia Mendia PSEko idazkari nagusiak. Esan du sozialistak "jada mugitu" direla estatutua erreformatzea onartuta.

PP ere agertu da EAJren eta EH Bilduren akordioaren kontra. Alfonso Alonso presidenteak jakinarazi duenez, PPk egitasmo bat aurkeztuko du Eusko Legebiltzarrean, EAJk akordio horretan "atzera" egin dezan, popularrek ikusten duten arriskuari aurre hartzeko.