Skip to main content

Azken bideoak: Zinema

bideoa prestatzen
#ZButaka "Bihar dok amairu", Zineuskadi eta Sebastian sariak, Zinemaldiaren azken txanpan

2018-10-01
Anabel Arraiza lankidearen eskutik, "Bihar dok amaitu" dokumentaleko ekoizle Aitor Bereziartua eta Ander Iriarte izan ditugu. Horrekin batera, urritik aurrera zinema euskaraz ikusteko aukera izango dugu hainbat aretotan eta proiektu honen inguruan Jara Ayucar Zineuskadiko komunikazio arduradunarekin aritu gara. Hortaz gain, Joseba Errekalde, GEHITU-ko kideak, Sebastian sarien berri eman digu. Gorka Bereziartua eta Gontzal Agote kazetariekin mintzatu gara, Urtzi Urkizuk umorerako tartea ireki du eta Gaizka Izagirrek kritikarena.
bideoa prestatzen
'Entre dos aguas' eta 'Rojo' filmek egin dute distira Zinemaldian

2018-10-01

Epaimahai ofizialak aho batez erabakita, Isaki Lacuestaren 'Entre dos aguas' filmak irabazi du Donostiako Zinemaldiko Urrezko Maskorra. 2011n lortu zuen Lacuestak lehen aldiz sari bera, orduan, ‘Los pasos dobles’ filmarekin. Orain saritutako filma, berriz, duela hamabi urte grabatutako ‘La leyenda del tiempo’ lanaren jarraipen gisa uler daiteke. Orduko hartan nerabeak zirela agertu zituen Isra eta Cheito anaia ijito protagonistak, eta haien bizitzei berriro heldu die fikzioaren eta errealitatearen artean dantza egiten duen pelikula berrian. Hain justu, epaimahaiak nabarmendu du filmak «protagonisten bizitzak era intimo eta egiazko batean esperimentatzera bultzatzen dituela ikusleak».

Alexander Payne epaimahaiburuaren eskutik jaso zuen garaikurra Lacuesta zuzendariak, eta filmeko lantaldeko kideei oholtzara igotzeko deia egin zien, familian egindako lana dela nabarmentzeko.

Beste hiru sari nagusi lortuta, berriz, Benjamin Naishtat zinemagile argentinarraren 'Rojo' filma izan da 66. jaialdiko beste garailea. Jorge Videlaren estatu kolpearen aurreko urteen Argentinaren erretratua egiten duen filma. Hunkituta jaso zuen Benjamin Naishtatek Zilarrezko Maskorra, eta saria lantalde osoarekin partekatu ostean, kulturak Argentinan bizi duen egoera salatu zuen.

Film berean egindako lanagatik jaso zuen Dario Grandinettik Gizonezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra, eta Pedro Soterok eraman zuen Argazki onenaren saria. Gidoi onenaren saria eman zieten Paul Laverty eta Louis Garreli. Emakumezko aktore onenaren Zilarrezko Maskorra, berriz, Pia Tjeltak irabazi zuen, Blind Spot filmean egindako lanagatik.

Euskal film ugari izan da aurtengo Zinemaldian, eta horien artean, Koldo Almandozen ‘Oreina’. Zuzendari Berriak sailean erakutsi zuen bere lana zinemagile eskarmentudunak, eta Euskal Zinemaren Irizar saria irabazi zuen.

bideoa prestatzen
#Zbutaka "Gure oroitzapenak", Joseba Sarrionandiaren literaturatik pantaila handira

2018-09-27
Donostiako Zinemaldia aurrera doa eta gaurkoan, Zurriolako Butakan, Anabel Arraiza lankidearen eskutik Lutxo Egia eta Mikel Arrondo jaso ditugu "Gure oroitzapenak" film kolektiboaren inguruan aritzeko. Lana, Joseba Sarrionandiaren literatur lanetatik abiatzen da eta 12 sortzaileren lana bildu du. Bestalde, "Gallo" dokumentaleko protagonista den Aitor Fresnedo ere Zurriolako Butakatik igaro da.
bideoa prestatzen
#ZButaka Fermin Muguruzaren Black is Beltza ikusteko sarrera guztiak agortu dira

2018-09-26
Anabel Arraiza lankidea Fermin Muguruza eta Beñat Beitiarekin elkartu da Black is Beltza filmaren inguruan aritzeko. Erakusketa, komikia eta kantaren atzetik, orain, Black is Beltza pantaila handira iritsi da. Zinemaldiko pase guztietako sarrerak agortu dira. Horrekin batera, gaurkoan Martxoak 3 filmaren lehen emanaldia burutu dute eta Amaia Aberasturi aktorearekin egon gara. Gaizka Izagirrek "Jainkoak ez dit barkatzen" dokumentalaren kritika egin du, Lezo de Urreiztietaren bizitza harrigarria kontatzen duen lana eta hainbat zinegileek Ramon Agirrerentzako mezuak bidali dizkigute.
bideoa prestatzen
#ZButaka Abiatu da Zinemaldia, gaur ez da "Another day of life" Donostian

2018-09-21
Hamaika Telebistak, Berriak, Kanaldudek, Irutxuloko Hitzak, Gaztezulok eta Zinea.eus-ek elkarlanean bultzatutako proiektua da Zurriolako Butaka. Donostiako Zinemaldian zehar, egunero, festibalean gertatzen denaren berri emango dizuegu. Anabel Arraiza lankideak aurkeztuta, gaurkoan, "Another day of life", Polonia eta Euskal Herriaren artean bultzatutako animazko filmaren ingurukoak aztertu ditugu Amaia Remirezekin batera. Gainera, Gaizka Izagirrek lanaren inguruko soslaia aipatu du, Raul de la Fuente zuzendari iruindarraren lana aipatuz. Bestalde, "Basque Selfie"-ko ekoizle Agus Barandiaran elkarrizketatu eta Zinemira saria jasoko duen Ramon Agirre mitikoaren adierazpenak bildu ditugu. Umoreak ere tartea izan du, Urtzi Urkizuren eskutik.
bideoa prestatzen
'El amor menos pensado' filmak abiarazi du Zinemaldiko Sail Ofiziala

2018-09-21

‘El amor menos pensado’ filmak zabaldu du Donostiako Zinemaldiko sail ofiziala, beraz, abian da Urrezko Maskorra lortzeko lehia. Film hori izango da ostiral gaueko inaugurazio galan proiektatuko dutena.

Marcos eta Ana ditu protagonista Juan Vera zuzendari argentinarraren lanak. ‘El amor menos pensado’ filmak. Hogeita bost urteko bikote harremana irudikatzen dute haien azalean sartzen diren Ricardo Darin eta Mercedes Moran aktoreek. Haien seme Luciano Espainiara joango da ikastera eta semearen hutsuneak kolokan jarriko du bikote harremana. Ondorioz, nork bere bizitza egitea erabakiko dute.

Zinemaldiko lehen egunak eragindako ikusmina medio, jendetza batu da lehenengo emanaldira eta Kursaaleko auditoriuma erabat bete da. Veraren filmaz egin den Sail Ofizialeko lehenengo prentsaurrekoan, Darinek goraipatu egin du ‘El amor menos pensado’ filmeko gidoia. Esan du bihotzetik idatzia dela nabari zaiola eta filmean normalean lantzen ez diren gaiei tartea eskaini zaiela.

Moranen arabera, berriz, filma komedia erromantikoa izan arren, «generotik oso gutxi du. Txisteak, umorea edota emozioak ez daudelako bereziki nabarmenduta. Berezia iruditzen zaio pertsonaiak parekatuta agertzea ere, haren ustez, gaur egungo maitasunaz hitz egiten duen filma da.

Verak zuzendu duen lehen filma da ‘El amor menos pensado’, baina aurretik ibilbide luzea du ekoizle gisa. Besteak beste, ‘El hijo de la novia’ eta ‘Carancho’-ren ekoizlea da. Esan bezala, ostiral gau honetan, Kursaalean egingo duten inaugurazio galan berriro eskainiko dute filma.